Berria

Zibererasoen eta datu-ihesen aurkako babesa hobetzen ari gara

2024ko ekainaren 3a
ELECTRON

"Belaunaldi berriko zibersegurtasun-plataforma bat garatzen ari gara, energia-sistemen erresilientzia areagotzeko gai izango dena"

Energia-panorama seguruago eta erresilienteago bat sortzen ari gara; zibererasoen eta datu-ihesen aurkako babesa hobetzen dugu

ELECTRON (rEsilient and seLf-healed EleCTRical pOwer Nanogrid) ekimenak helburu du belaunaldi berriko zibersegurtasun-plataforma bat garatzea, energia-sistemek zibersegurtasun- eta pribatutasun-erasoen aurka duten erresilientzia areagotzeko gai izango dena. Plataforma funtsezko lau zutabetan dago oinarrituta: arriskuen azterketa eta ziurtapena; anomaliak detektatzea eta prebenitzea, gorabeherak arintzea eta hornidura lehengoratzea; eta langileen gaikuntza eta ziurtapena lortzea errealitate birtuala eta areagotua erabiliz.

TECNALIAn zenbait gaitan ari gara lanean; besteak beste energia-enpresetako langileei prestakuntza ematen ari gara bost zibereraso-mota atzemateko:

  • Sare-eskaneatzeak
  • Phishinga
  • Zerbitzua ukatzea (DoS)
  • Spoofinga (edo identitatea ordeztea)
  • Sistema informatiko batean baimenik gabe sartzea

Askotariko entrenamenduak egin ditugu TECNALIAren Cyber Rangean ostatatutako ziberariketetan oinarrituta, baita errealitate birtualeko eta areagotuko gailu eta teknologien bidezko autoprestakuntza bat ere, KAYROX eta Process AR plataformak erabiliz.

ENERFIN enpresarentzako prestakuntza

Maiatzaren 14an eta 15ean, Derioko gure egoitzan, zenbait prestakuntza-jarduera egin genituen ENERFIN enpresarentzat. Besteak beste, ziberariketen eta errealitate birtualeko eta areagotuko gailuekiko ikaskuntza autonomoaren bidezko gaikuntza. Parte-hartzaileek zibersegurtasun-arloko entrenamenduak esperimentatu ahal izan zituzten teknologia hauen bidez: 3Dko errealitate birtuala, 360°-ko bideoko errealitate birtuala eta errealitate mistoko gailuen bidezko errealitate areagotua.

ELECTRONi buruzko informazio gehiago

ELECTRON Horizon Europe-ko proiektu bat da, eta energia elektrikoko sistemek zibererasoekiko, datu-filtrazioekiko eta giza akatsekiko duten kalteberatasun gero eta handiagoa lantzen du. Proiektuak teknologia berriak baliatzen ditu, eta helburu du sektore elektriko eta energetikoko enpresei belaunaldi berriko plataforma bat eskaintzea, mehatxu horien aurkako erresilientzia hobetzeko diseinatua.

  • Abangoardiako teknologiak eta etengabeko monitorizazioa erabiltzen dituenez, ELECTRONek zibersegurtasunaren ikuspegi dinamikoa sustatzen du.
  • Proiektuak, halaber, EPES sektorearen barruan, zibersegurtasun-neurrien estandarizazioa eta ziurtapena azpimarratzen ditu, eta, aldi berean, langileei prestakuntza eta gaikuntza ematen die mehatxuei eraginkortasunez erantzuteko.
  • Azken batean, ELECTRONen helburua da energia-panorama seguruago eta erresilienteago bat sortzea, azpiegitura kritikoa babestea eta etorkizunerako sare elektrikoarekiko konfiantza sustatzea.

Kide hauek osatzen dute proiektuan lanean ari den TECNALIAko taldea: Diego Sagasti, Jon Ander Aguirrechu, Iñaki Angulo, Ángel López, Igor Quintela eta Eduardo Ibáñez.