Berria

Elektrolizagailu eraginkorragoak, hidrogeno berdea bultzatzeko

2023ko urtarrilaren 20a
Hidrógeno verde

“Erregai fosilekiko mendekotasuna murrizteko ahalmena duen energia-bektore gisa kokatzen da hidrogeno berdea.”

TECNALIAk, Ingeteamekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta EHUrekin batera, elektrolisirako bihurgailu elektroniko berriak garatzen dihardu

TECNALIAk elektrolisirako bihurgailu elektroniko berriak garatzen dihardu, hidrogenoa azkarrago eta merkeago ekoizteko eta sare elektrikoan modu malguagoan integratzeko.

Ingeteam, Mondragon Unibertsitatea eta Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) erakundeekin lankidetzan dihardu EP4H2 ekimenean, helburu honekin: teknologia berritzaileetan ikertzea, elektrolizagailuen efizientzia, kostua eta malgutasuna hobetzeko eta, hartara, kostu lehiakorreko hidrogeno berdea ekoizteko bidean aurrera egiteko.

Energia-eskaera gero eta handiagoa da, eta berotegi-efektua eragiten duten gasen emisio globalak ere hazi egin dira. Horregatik, gaur egungo gizartea energia berriztagarrien eta erregai garbiagoen iturri berrien bila dabil. Erregai fosilekiko mendekotasuna murrizteko ahalmena duen energia-bektore gisa kokatzen da hidrogeno berdea.

Soluzio aurreratuak potentzia-elektronikan

Ekimeneko parte-hartzaileek soluzio berritzaileak landuko dituzte, adimen artifiziala barne, elektrolizagailuak garatzeko. Sistema horiek ahalik eta hobekiena hibridatu, integratu eta kudeatuko dute hidrogenoaren ekoizpena energia fotovoltaikoarekin eta metatze-sistemekin potentzia ertaineko aplikazioetan, industriaren eta etxebizitzen arloan eta energia-komunitateetan baliatzeko.

Era berean, megawattetik gorako elektrolizagailuak sare elektrikoan integratzea optimizatuko duten soluzioak sortuko dituzte.

Gobierno Vasco

EP4H2 ekimenak Eusko Jaurlaritzaren finantziazioa jasotzen du, Elkartek 2022 programaren bitartez.