
Katalogoa. Industria 4.0. Laugarren industria-iraultzaren motorra (gaztelaniaz)
Deskargatu PDFaAutomatizazio-soluzioak integratzen ditugu prozesu bakoitzerako, azken teknologiak aplikatuz fabrikazio-prozesuen portaera gidatzeko.
Industria gure DNAren parte da. Hamarkada luzez, manufaktura-enpresekin batera aurre egin diegu berrikuntza-erronkei, prozesu bakoitzean automatizazio-soluzio egokienak txertatuz, mekatronikan punta-puntako teknologiak aplikatuz, material berriak garatuz eta simulazioak inplementatuz fabrikazio-prozesuen portaera gidatzeko.
Orain, 4.0 industriarekin, fabrikazioa ez da auzi fisiko hutsa, nahiz eta datu digitalak bakarrik ez duen mugiarazten negozioa. Bi mundu horiek uztartuz bakarrik lortuko dugu inpaktu positiboa industria-enpresen produktibitatean eta lehiakortasunean, bai eta haien prozesu eta produktuen efizientzian eta jasangarritasunean ere.
Hori horrela, gure esperientzia abiapuntu harturik, industriara moldatzen ditugu konektibitatearen iraultzak ekarririko berrikuntza digitalak, baina baita fabrikazio adimendunak sorturiko sistemetan, materialetan eta teknologia berrietan integratzen ditugun datuak ere.
Bete formularioa eta eman zure erakundea aldatzeko urratsa.
Industria digitalizatzeko gure proposamenak hainbat diziplinatako talde bat du oinarri, zeina gauza baita 4.0 eraldaketa-ekintzak eraginkortasunez eta efizientziaz hedatzeko, teknologia gaitzaileen aukera zabal bat oinarri hartuz: industriara bideratutako Gauzen Internet (IoT), datuen analisia, predikziozko mantentze-lanak, ikusmen artifiziala, errealitate birtuala eta areagotua, zibersegurtasuna, eta abar.
Negozioaren lehiakortasuna bultzatzeko helburu argia abiapuntu harturik, buru-belarri lan egiten dugu industria-enpresekin hausnarketa estrategikoa eta 4.0 industriarako ibilbide-orria diseinatzeko, eta negozioan inpaktu handiena duten proiektuak garatzen ditugu zehaztutako estrategiaren arabera, helburu hauekin:
Produkzio-bitartekoak eta sistema mekatronikoak garatzen ditugu, autonomia, malgutasuna, funtzio-aniztasuna eta birkonfiguragarritasuna emateko, eta makina-arkitektura berrien aldeko apustua egiten dugu, aplikazioak eta prozesuak automatizatzeko adimena eta malgutasuna emanez. Halaber, garatzen ditugun soluzioek programazio malgua planteatzen dute, robotikak eta automatizazio-sistemek autonomia-gaitasun handiagoa izan dezaten eta lan-ingurune aldakorretara egokitu daitezen. Hori horrela izanik:
Robotika-paradigma berriak integratzeaz gainera, soluzioak industria-testuinguru berrira egokitzen ditugu, zeinean beharrezkoa baita gehiago integratzea pertsonen eta roboten arteko lankidetza-lana, guztia ere pertsonek modu naturalagoan eta intuitiboagoan jardun dezaten automatizazio-sistema berri horiekin, gainbegiratze- eta interakzio-funtzioak urrunetik egiteko aukera emanez.
Soluzio berritzaileak eskaintzen ditugu sektore askotako arazoetarako, material berriak sartzearekin, fabrikazio-prozesu aurreratuekin eta lotura-prozesuekin loturik. Horretaz gainera, kate osoan eragiten dugu, hasi diseinutik eta kalkulutik eta osagaien portaera baliozkotzeraino. Materialen prestazioak hobetzen ere laguntzen dugu hainbat tratamenduren bidez, haien iraunkortasuna, erresistentzia, funtzio-aniztasuna eta beste hainbat auzi areagotzeko. Gure helburua prozesuak optimizatzea da, produktibitate handiagoa bilatuz, eta, horretarako, material egokiak aplikatzen eta konbinatzen ditugu leku egokian, industria-enpresek efizientzia- eta jasangarritasun-helburuak bete ahal izan ditzaten, eta, horri esker, balio-katearen eskakizunekin bat egin eta etorkizunean lehiakor izaten jarrai dezaten.
40.000 m2 baino gehiago dugu laborategitan, guztiak ere abangoardiako instalazio eta metodologiekin gaiturik, premia eta arazo konplexuei aurre egiteko gai diren diziplina askotako taldeekin, neurrira egindako azterlanak eta saiakuntzak egiteko ere prest. Materialen alorreko gure adituak gai dira materialak hautatzeko, karakterizatzeko, zerbitzuan zer-nola jarduten duten ikusteko, hutsegiteak analizatzeko, hondar-bizitza aztertzeko eta bizitza erabilgarria areagotzeko. Saiakuntza normalizatuak egiten ditugu nazioarteko arauen arabera, bai eta bestelako saiakuntzak ere, industria-sektoreen zehaztapen partikularrei jarraikiz. Hori horrela izanik, industria-sektore askotako fabrikatzaileek baliozkotu ditzakete gurekin eginiko garapen berriak, bai prototipoak, bai azken produktuak.
Industriaren etorkizuneko agertokiak planteatzen duenez, beharrezkoa izango da prozesuak, materialak eta produktuak berriro diseinatzea, ingurumen-jasangarritasunaren eta ekoefizientziaren alorreko eskaera globalei erantzuteko.
Erronka horiei heltzen laguntzeko, babesa eskaintzen diegu enpresei:
Fabrikazio gehigarriaren kate osoan eragiten duten soluzioak eskaintzen ditugu, aplikazio-eremu ugaritako material, makina eta prozesuei buruz dugun ezagutza adituari esker. Ekoefizientzia handiagoa ez ezik gutxiago xahutzea ekarriko duten fabrikazio-aukerak eskaini nahi ditugu, eta alternatibak gaituko ditugu logistikan eta fabrikazioan, hornikuntza-arazo tradizionalak konpontzera bideraturik.
Lehengaien tasunak zehazten ditugu, eta gure metodologia aplikatzen dugu aleazioak diseinatzeko; fabrikatu beharreko osagaiak diseinatzen ditugu, prozesuen simulazioekin batera; prozesua gidatzeko makinetan integratu beharreko teknologia garatzen dugu, fabrikazio gehigarria ez ezik kengarria ere bateratuz; eta piezen kalitatea monitorizatzen dugu teknika ez-suntsitzaileen bidez. Hori guztia industria-sektore ugaritan aplikatzera bideratuta dago, baita eraikuntzan, elikaduran eta osasunean ere.
Sartu zientzia-dibulgazio, produktu, zerbitzu eta teknologia katalogoetan. Gure helburu nagusia ezagutza zientifikoa berrikuntza eta eragin ekonomiko eta soziala sortzen duten irtenbide teknologiko bihurtzea da.