Berria

Makina-erreminta autonomo eta adimendunak sortzen ari gara Ibarmia, Shuton eta Talleres MYL euskal enpresekin batera

2021ko otsailaren 12a
Máquina herramienta inteligente

Balio erantsi handiko osagaiak fabrikatzeko etapak errazten eta arintzen laguntzen dugu

Ibarmia, Shuton eta Talleres MYL euskal enpresekin batera, makina-erreminta autonomo eta adimendunak sortzeko lanean ari gara, Smart-Easy ekimenaren bidez. Nicolas Correa Burgosko konpainia da ekimenaren buru, eta hartan parte hartzen dute enpresa hauek ere: GNC Ypatia, Inmapa Aeronaútica, Alava Ingenieros eta Things 02.

Berrikuntza nagusia software-teknologien garapenean datza. Sistema mekatronikoak eta adaptronikoak garatuko dira makina-erreminta adimendun eta autonomoak sortzeko, fabrikatzaileei balio erantsi handiko fabrikazio-eragiketetan laguntzeko. Mekanizazioen segurtasuna, produktibitatea eta kalitatea sustatuko dituzte, erabiltzaileei arina eta erraza gertatuko zaien era batean, etengabe gainbegiratzen jardun beharrik gabe.

Software-teknologiak

Ibarmiak bere mekanizazio-zentroetan txertatuko ditu moduluak, aplikazioak eta sistema erabiltzaile fabrikatzailearen lana errazteko. Garapen horiei esker, Gipuzkoako konpainiaren mekanizazio-zentroak gaur egungoak baino sendoagoak eta doiagoak izango dira.

Shutonek, bestalde, doitasun handiko torloju boladunen fabrikatzailea izaki, softwarea txertatua duten torloju sentsorizatuak fabrikatuko ditu. Lan horrekin, merkatu berri eta eduki teknologiko handikoetara sartu ahal izango da; adibidez, aeronautikara.

MYL, berriz, buruen eta elektromandrinatuen fabrikatzailea da, eta haren egitekoa buru adimendunak garatzeko sentsorikan eta digitalizazioan oinarrituko da. Erabiltzaileei lehiarako abantaila bikoitza eskainiko diete: buruaren informazio jarraitua eta mantentze prediktiboa urrutitik egiteko zerbitzua.

TECNALIAk fabrikazio-eragiketak seguruak, produktiboak eta azken kalitate handikoak lortzen laguntzera bideratutako hardware- eta software-teknologiak sortuko ditu, hala nola lerrokatzeak eta beste eragiketa batzuk automatizatzeko ikusmen artifiziala.